Proiektuaren txostenean hirugarren atala "Marko teorikoa" da:
Marko teorikoa // Zergatik? Nondik abiatuta? Nortzuk idatzi dute honetaz lehenago?
Deskribatuko dugu apur bat gehiago atal honen edukia zein izan behar den (Gradu Amaierako Lanerako txantiloitik egokitutako testua):
Atal honetan, proiektuaren helburua sakondu eta gaia testuinguruan zehatzago kokatu behar da. Aukeratutako gaiarekin zerikusia duten egileei, esperientzia esanguratsuei, aurrekariei, etabarrei egiten zaie erreferentzia. Aukeratutako gaiarekin zerikusia duten egileen edo esperientzia esanguratsuen aurrekari teoriko-praktikoak sistematizatu (ordenatu) behar dira. Komenigarria da nabarmentzea gaia ez dagoela guztiz agortuta, eta zuen lana ekarpen berri bat dela. Hau da zuen proiektuaren proposamenaren berritasuna, garrantzia eta egokitasuna justifikatzeko eta nabarmentzeko leku egokia.
Atal honetan proiektuaren helburua zehatzago definitzen da eta proiektuak zabaltzen dituen galdera nagusiak zehatzago idazten dira.
Bereziki zaindu behar dituzue azalpenen argitasuna, emandako arrazoien kalitatea, gaiari eta/edo metodologiari emandako ikuspegi edo gerturatze originala, eta hizkuntzaren eta iturri akademikoen erabilera zehatza; izan ere, modu horretan zuen proiektuaren ondorengo faseak zehaztasun eta koherentzia handiagoarekin gauzatu ahal izango dituzue.
Lan akademiko batean, ohikoa da beste idazle batzuen aipamenak erabiltzea, gure pentsaerak aurrez egindako beste ekarpen batzuekin dituen antzekotasunak edo desadostasunak agerian uzteko. Aipamenak sartzeak arrazoiketa asko aberasten du, baina ebaki/itsatsi egin gabe eta plagiatu gabe egin behar da. Besteen pentsamenduak behar bezala aipatzeak ekarpen horiek norberaren pentsamendutik bereiztea ahalbidetzen du, eta egindako irakurketen kalitatearen eta zure pentsamendua sintetizatzeko gaitasunaren adierazgarri da. Horrez gain, zuen diskurtsoa eta arrazoiketa antolatzeko erabiltzen ari zareten azterketa eta sintesi prozesuen kalitatea ere islatzen du. Aipamena lau lerro baino gutxiagokoa bada, testuan bertan sartu ohi da, aipamenaren hasieran eta amaieran komatxoak jarrita. Ondorengo esaldian adibide bat ikus dezakezu. Freireren (1990, 22. or.) arabera, “kalearen alde batean egonik, inor ezin egon daiteke gero beste aldean, kalean zeharkatu ezean. Alde honetan banago, ezin irits naiteke hango aldera handik abiaturik, hemendik baizik”. Ohartuko zineten moduan, erabiltzen den idazkera mota edozein dela ere, aipamenaren aurretik edo ondoren egilearen izena adierazi behar da beti (parentesi artean, argitalpenaren urtearekin eta aipamenari dagokion orrialde zenbakiarekin batera), interesa izan dezakeen edozein pertsonak kontsultatu ahal izan dezan .
Zure testuan sartutako aipamenak lau lerro baino gehiago baditu, lerroarte soilarekin idatzi behar da, testu nagusitik bereizitako paragrafo batean, eta testuarekiko lau zuriuneko koskarekin. Ez da komatxo artean jarri behar, eta letra txikiagoa erabili behar da:
Kalearen alde batean egonik, inor ezin egon daiteke gero beste aldean, kalean zeharkatu ezean. Alde honetan banago, ezin irits naiteke hango aldera handik abiaturik, hemendik baizik. Berdin gertatzen da errealitatearen ulerpen ez hain estu, ez hain zorrotzarekin ere. Hezigaiek –edonortzu direla ere- beren errealitate bereziari buruz dituzten ulerpen-mailak begirunez onartu behar ditugu. Haien askapenaren izenean gure ulerpena ezartzea askatasun-bide bezala irtenbide autoritarioa onartzea da. (Freire, 1990, 22. or.).
Aipamen bat oso luzea bada eta zati batzuk bakarrik badira esanguratsuak, esaldi batzuk ken daitezke. Horretarako, aipamenean etenpuntuak jartzen dira, kako artean [...], bertan zati bat kendu dela adierazteko.
Erreferentzia guztiak, bai testuan bai oin oharretan egindakoak, erreferentzia bibliografikoetan aipatu beharko dira. Erreferentzia horiek APA arauei jarraituz idatziko dira (6. arg., 2009).
Freire, P. (1990). Irakurtzeko egintzaren garrantzia elkar osatzen duten hiru idazkietan. Bilbo: Udako Euskal Unibertsitatea.
Iruzkinak
Argitaratu iruzkina